Susana Aurkia
Akordeoi, trikitixa eta pandero irakaslea
Astigarragan jaio eta bizi. Garai hartan Donostiako auzoa zen. Ez zegoen musika eskolarik. Zazpi urte zituela akordeoia ikasten hasi zen, bere musika-tresna maiteena. Urteak joan, Astigarraga herri egin eta musika eskola sortzeko lanetan ari zirenek Susanarengana jo eta proiektuan parte hartzeko gonbidapena egin zioten (garai hartan bere kontura aritzen zen irakasle gisa). Hasieratik bertatik Susana gure musika eskolaren parte izan da (irakasle, Zuzendaritza Batzordeko kide, ikasle…) eta musika eskola bere bizitzaren parte (lana, aisia, lagunartea…). 22 urte luze, bere bizitzaren erdia baino gehiago, alajaina!
Ibilbide horretan sortu diren beharrei erantzun die eta beharrezko gaikuntza eta prestakuntza eskuratu du musika eskolan indar handiz sartu diren musika tresnak (trikitixa eta panderoa) irakasteko.
Diotenez, gauzarik ederrena da gehien maite dituzun pertsonekin gehien gustatzen zaizuna partekatzea. Horixe da, hain zuzen ere, Susanak Norberto Almandoz Musika Eskolan egiten duena.
– Zer partekatzen du? Musikarekiko zaletasuna eta grina.
– Nola? Akordeoia, trikitixa eta panderoa irakasten eta bere ilusio eta abegi atseginena kutsatzen.
– Norekin? Haurrekin, gazteekin eta horren gazte ez direnekin. Zaletasuna partekatzen dute eta konfiantza dute Susanarengan, batzuk hiru bizitza-aroetan ibili dira elkarrekin.
– Non? Astigarragan, bere herrian.
Konpromiso argia du musikarekin, ikasleekin, bere herriarekin, eta esker oneko da horiekin guztiekin eman diotenagatik. Eta ordainetan, egunero-egunero fin lan egiten du, ahalegin betean, seriotasunez eta errespetuz.